KONPROMISARIOEN BATZARRA 2022
Txosten honen bidez, Bazkide Konpromisarioen Ohiko Batzar Orokorrean, apirilaren 29an egindakoan, aztergai izaniko gai nagusiak azalduko ditugu. Batzarrean, 2021eko urtealdiko kontuak eta emaitzak aurkeztu eta 2022 honetarako aurrekontua onetsi zen.
Anaitasunako finantza-egoerari eta irudi fidelari dagokienez (2021eko abenduaren 31n), Jorge Martínez Apesteguía Espainiako Zinpeko Kontu Azterlarien Institutuko auditoreak sinatutako kanpo auditoretzako txostenari lotzen gatzaizkio (Gardentasunaren Atarian osorik argitaratua).
Txosten horretatik, ohar hauek azpimarratuko ditugu:
- “Gure iritziz, urteko kontu atxikiek elkartearen ondarearen nahiz finantza-egoeraren irudi fidela adierazten dute gai esanguratsu orotan 2021eko abenduaren 31n, bai eta data horretan bukatutako urtealdiari dagozkion emaitzena ere”.
- “Elkarteko eragiketen jarraipena lotua dago azaldutako neurriak gauzatzeari eta, era berean, egungo joeraren aldaketari buruzko espektatibak betetzeari, jarduerak garatzeari, erabiltzaile berriak erakarri eta mantentzeari, eta etorkizuneko eragiketak arrakastatsuak izateari”.
- Kudeaketa txostenak dakarren informazioa bat dator 2021eko urteko kontuen informazioarekin, eta haren edukia eta aurkezpena bat datoz aplikatu behar den araudiarekin”.
Ondoren, 2021eko urteko kontuetako partidarik esanguratsuenak azalduko ditugu:
- Finantza-entitateekiko zorra: 2021ean, zorraren zerbitzuaren betekizunaren kudeaketari esker, bederatzi milioi eurotik behera gaude. Bestalde, finantza-gastuak zertxobait jaitsi dira 2020koen aldean, finantza-zorra jaitsi izanaren ondorioz eta finantza-entitateekin gabeziak birnegoziatu izanaren ondorioz.
- Diruzaintza: diruzaintza nabarmen murriztu da, ustiapen arloko diru-sarrerak nabarmen jaitsi direlako eta pandemian derramak kobratzea eten egin zelako.
- Maniobra-fondoa: likidezia-ratioa zertxobait hobetu da, baina diruzaintza-tentsioek diraute finantza arloko konpromisoei epe laburrean aurre egiteko.
- Ustiapen-emaitza: diru-sarrerak zertxobait berreskuratu dira 2020aren aldean, baina oraindik ere pandemia aurreko mailetara iritsi gabe. Diru-sarreren egonkortasunaren arriskua bazkide kopuruaren bilakaeran dago metatua, bai eta mantentze-kuotek eragiten dituzten diru-sarreretan ere. Pandemiak 2021ean izaniko bilakaera dela eta, ez da aukerarik izan elkarteko jarduerei normaltasunez berreltzeko, eta horrek diru-sarreren berreskurapena mugatu du. Bestalde, jardueraren berrekurapen hasi berriarekin batera, gastuak ere igo dira.
- Emaitzak atalez atal: den-denak dira defizitarioak, Mendikoa eta Aterpea izan ezik. Anaitasunako finantza-egoeraren ondorioz, beharrezkoa da jarduerek eta atalek bere osoan ez izatea diru sorkuntza negatiborik, horrek ondare-egoera larriagoa sortuko lukeelako harik eta entitate kaudimen-gabeziaren eraginpean jarri arte.
- 2022ko aurrekontua: -38.119,55 euroko desbideratzearekin itxi zen, hau da, % 2.
2022ko AURREKONTUA
2022ko aurrekontuari dagokionez, aurreikuspenen arabera, 22.500 euroko emaitza positiboarekin itxiko da ekitaldia, gastuak doituz eta diru-sarrera gehiago lortuz. Aurrekontu horretako datu zehatz guztiak Gardentasun Atarian argitaratutako agirian daude sarturik.
Elkartearen finantza-egoera txarra konpontzeko asmoz eta bai zorpetze handia, bai pandemiari loturiko diru-sarrera jaitsiera, bai egoera ekonomiko orokorrak eragindako kostuen igoera zuzentze aldera, honako jarduketa hauek onetsi dira:
1.- Ohiko kuotak eguneratzea
% 2 igotzea, helduen kategorian eta 10 eta 17 urte artekoan bakarrik. Haurren kuota izoztu da (2 eta 9 urte artekoa), bai eta desgaitasuna duten pertsonen eta 80 urtetik gorakoena ere. Hortaz, helduek 30 euroko kuota ordainduko dute 2022 honetan (60 zentimo gehiago); 10 eta 17 urte arteko gazteek, berriz, 21 euro (50 zentimo gehiago).
2.- Kuota berezia txertatzea
Banku-maileguekin finantzatu diren proiektuei loturiko derramen bidezko diru-sarrerak ez dira aski finantza-zorra ordaintzeari aurre egiteko.
Grafikoan ageri da 2022 eta 2023 finantza-presiorik handieneko urteak direla, finantza-zorrari loturiko kapitala gehi interesak itzultzeari dagokionez. Finantza-estaldurarako proposamena egungo konpromisoak betetzera dago bideratua eta kontuan hartu behar dugu urte hau oraindik ere oso gogorra izanen dela emaitzetan.
Defizit hori konpentsatze aldera, lau euroko kuota berezi bat onartu da 2023ra arte iraunen duena (kuota hori berrikusteko konpromisoa hartu da bai denboraldiari, bai kopuruari dagokionez, 2023ko Konpromisarioen Batzarrean, betiere elkartearen zorpetze egoera nola bilakatzen den). Indarrean mantendu da egungo aplikazioa, hau da, 80 urtetik gorakoek ez dute ordainketa hori egin behar eta % 50 murriztu da 70 urtetik gorako bazkideentzat.
Kuota horrek ez du izaera iraunkorrik (hasiera data eta bukaera data ditu); horrenbestez, gure iritziz, aukera hobea da ohiko kuotari zuzenean igoera bat aplikatzea baino, azken horrek efektu metagarria baduelako.
Hala kuota berriek nola derrama berriro indarrean jartzeak atzeraeraginezko ondorioa dute; horrenbestez, lehen kasuan urtarriletik kobratuko da aldea; eta kuota berezia, berriz, martxotik aurrera.
3.- Birfinantzatzea
Bazkide guztiei eskatu diegun ahalegin bereziaz gain, elkartea arakatzen ari da zorra finantza-bazkideekin birnegoziatzeko aukera. Egoera hori kudeatzea zaila da, epe luzeen ondorioz eta aipatu maileguak amortizatzeko denbora laburraren ondorioz.
4.- Plan Estrategikoa eta Bideragarritasun Ekonomikorako Planaren lorpena eta segimendua
Plan Estrategikoan eta Bideragarritasun Ekonomikorako Planean xehatutako kostuen murrizketa eta diru-sarreren igoera lantzen ari da, bazkide guztiei urte honen hasieran aurkeztuak (biak ere Gardentasun Atarian daude argitaratuak).
Horrez gain, eta Kontuen Barne Azterlariek proposaturik (Javier Sáenz Jn. eta Mª Paz Murillo And.), alor hauek landuko ditugu:
- Jardueren eta kirol atalen emaitzen kontuaren garapena, zeharkako kostuak egotziz eta amortizazioak zuzkituz. Zuzendaritza Batzordeak jarraipen zorrotza eginen du.
- Diruzaintzako hileko planaren jarraipena egitea; bertan, Zuzendaritza Batzordeak proposatutako neurri finantzarioak eta ekonomikoak jasoko dira, haren betekizunaren jarraipen zorrotza egiteko.
- urteko Kudeaketa Plana. Azaroan eginen da, 2023an aurreikusitako jarduketak kuantifikatuz (Plan Estrategikotik eratorritakoak), bilakaera ekonomikoa eta finantzarioa zertan den ikusteko aukera eman dezan, bai eta planaren hileko emaitzak aurreikusteko parada ere.
Azkenik, Kontu Barne Azterlarien txostenaren zati bat nabarmenduko dugu. Hauxe utzi dute jasoa “Zuzendaritza Batzordea ahalegina egiten ari da Anaitasuna kudeaketa-tresnaz hornitzeko jarduera arautua ahalbidetze aldera, kontrol hobea lortzeko, zerbitzuen hobekuntza etengabea erdiesteko eta bazkideei informazio hobea emateko, behar diren erabakiak hartze aldera”.
Gure iritziz, aurkeztu diren txostenak aipatu ahaleginaren ondorio dira. Zehazki, Kontu Auditoretza bat aurkezteak bermea ematen dio bazkideendako informazioari Anaitasunako egoera ekonomikoaren eta finantzarioaren gainean, eta segurtasuna ematen dio elkartearen irudi fidelaren gaineko informazioari, bazkideek huraxe hobetzeko erabaki egokiak hartzeko aukera izan dezaten.
Era berean, Zuzendaritza Batzordearen txostenak segurtasuna ematen du planteamendu ekonomikoan, Zuzendaritza Batzordeak osatutako taldeak kudeaketa eta jarraipena egin dezan eta hobekuntzak abiarazi ditzan.
Hala ere, ikusten ari gara aurtengo lehen hiruhilekoan, hau da, urtealdia itxi ondoren eta txostenak egin ondoren, egoera orokorra larriagotu dela, oraingo honetan, Ukrainako gerrak eraginda, energien prezioa asko igo baita eta inflazioa gorantz neurrigabe joanik. Horrek Anaitasunako kostuak garestituko ditu berehala.
Erran nahi baita, hiruhileko honetan sortutako egoerak are gehiago larritu du gure egoera, bi urteko pandemiak eragindakoa, jarduerak nabarmen jaitsi eta emaitza txarrak izan baitira, eta zorpetze handiko egoeran gaude. Horregatik guztiagatik, are gehiago tenkatu behar dugu kudeaketan darabilgun ahalegina.
Iruñean, 202ko martxoaren 30ean
Anaitasuna K.K.A.E.ko Zuzendaritza Batzordea
Comments are closed.